martes, 27 de noviembre de 2012

ESKUZ BINAKA TRINKETEAN


JOKO EGITURA

Joko mota

Trinketean eskuz binaka euskal pilotako  zeharkako jokamoldea edo jokamolde ez zuzena da, horma baten kontra jokatzen delako.

Duelu edo norgehiagoka mota

Izenak dioen bezala, duelua edo norgehiagoka bi biren aurkakoa da, oposizio kolaboraziokoa. Elkarrekintza horretan, espazioaren erabilera indibiduala komuna da, hau da, pilotariak kantxan zehar nahi duten eremuan kokatu daitezke.

Instalazioa

Kasu honetan, eskuz binaka trinketean nola jokatzen den ari gara aztertzen; beraz, trinketearen ezaugarriak azalduko ditugu: trinketean bi eremu bereiz ditzakegu, kantxa eta ikuslearen eremua.
Trinketea lau zatitan bana dezakegu:

  • Zorua; pilotariaren aurrean dagoen horma, edo frontisa;
  • Eskuin horma
  • Ezker horma
  • Eta pilotariaren atzean dagoen horma, edo errebotea
Marrazkietan klik eginda handitu
 egiten dira.
Gainera, trinketeak, frontoiek ez bezala, elementu hauek ditu:
  •  Ezker horma eta errebotearen beheko aldean galeria bat dago ikuslearentzat. Galeria horren horma bertikalean (kantxara begira) sarea jartzen da.
  • Galeria horren goiko aldeko horma horri aldiz, teilatua deritzo. 
  • Frontisaren eskuinaldean xiloa, iparraldean soilik, (lauki formako barruranzko zulotxoa) dago, txapatik 40cm-ra.
  •  Eskuin horma eta frontisaren artean frailea dago, bi hormen arteko angelua estaltzen eta pilotaren norabidea aldatzen duen alaka.
  • Instalazioa bertikalean bi zatitan banatzen duten bi txapa daude:  batetik, behekoa, eta bestetik, goiko mugak markatzen dituena. Bi hauek  pilotaren talka indargabetzea dute helburu.
  • Belarriak ezker eta eskuin horman dauden jaitsiguneak dira, sarez estalia.Guztira trinketeak 30m luzera du eta euskal pilotako instalazio ofizialik txikiena da.


Materiala

Eskuz jokatzen den jokamoldea denez ez da inolako erreminta berezirik erabiltzen, eskua eta pilota soilik. Kautxuzko nukleoa duen eta larruz bilduta dagoen pilota erabiltzen da, kasu honetan, nagusietan 60cm-ko diametroa izatera ere irits daitekeena. Frontoikoak baino bigunagoak dira eta bote txikiagoa dute.

Sakea eta errestoa

Trinketean eskuz binaka jokatzen denean, sakea librea da, hau da, edozein lekutik egin daiteke eta faltako marra (hirugarrena normalean) gainditu behar da. Pilotariak ahalik eta aurreen sakatu ohi du.
Gainera, jokamolde honetan ez dago pasa-rik. Honek esan nahi du pilotakadak, ona izateko, ez duela marra baten aurretik punpa egin beharrik. Baina, sakea ona izan dadin, lehen esan bezala, faltako marra gainditu behar da. Bi jokalarietatik edozeinek sakatu ahal izango du, hori bai, sakatzaileak gainontzekoak adi daudela ziurtatzeko “jo” edo “ba” oihukatu beharko du. Sakea egiteko, pilota jo baino lehen botea ematea beharrezkoa izango da.
Sakea egin ondoren, errestoan pilota frontisera eraman behar da; lehenengo talde batek eraman behar du eta jarraian besteak. Binaka jolastuagatik bikoteak ez du zertan txandakatu pilota eramateko orduan.

Tantoa irabazi eta galtzeko moduak

Jokoan falta izateko edo tantoa galtzeko era ezberdinak daude:

·  Sakean, pilotak frontisean jo ondoren, pilotak faltako marra gainditzen ez duenean;
·  Pilotak joko-eremua mugatzen duen marra edo txaparen bat jotzen duenean;
·  Mugetatik kanpo irteten denean (frontiseko beheko txapatik behera edo goiko mugetatik gora, eta alboetako mugetatik kanpora, belarrietara). Hori pilotak frontisa edo zorua jo baino lehen gertatzen bada, pilota azken jo duenaren falta izango da;
·  Bigarren punpa egin baino lehen pilota eramaten ez denean; teilatuko punpek ez dute kontatzen, ezta ezker eta eskuineko hormetan egiten diren punpek ere.
·  Sakea egin ondoren pilota sareratzeko beharrezkoa izango da faltako marraren altueran sarean dagoen zinta gainditzea. Hau gertatuz gero, berdin du punpaz edo punparik gabe sareratu den. Jokoan zehar, sarearen edozein aldetara botaz, tanto zuzena izango da.

Markagailu mugatua

Jokamolde honetan, lehenengo 50 puntura iristen denak irabaziko du. Beti ez da hala izaten, batzuetan ikusgarritasuna ez galtzeko edota partida luzeegia ez izateko, 40ra ere jokatu ohi da. Mundialetan 15eko jokoak daude (2012ko Iruñako mundialeko berrikuntza). Bi joko irabazita partidua irabazten da eta 1 eta 1 egiten bada, hirugarren bat jokatuko da 10 puntura.

JOKO EKINTZAREN DESKRIBAPENA

Nor da sakatzailea? Zeintzuk dira sake motak?

Sakea bikoteko edonork egin dezakeen arren, normalean aurrelaria da sakatzailea.
Sake motak bereizten dituena pilotaren norabidea da. Frontisera bidali ondoren, alboko paretekin jokatzen da:
  • Ezkerreko pareta ukitu eta teilatutik irristatuz errebotearen eskuineko aldera, zuloan geratuz eta errestoa oso zail utziz. Hala ere, sake mota hau oso zaila izaten da.
  • Klasikoena, bestetik, zabaletik (eskuinetik) sarerantz (ezkerrerantz) bideratzea, nahiz eta sarera ez sartu, aurkariaren posizioa zailduz.
  • Azkenik, zabaletik (eskuinetik) zabalera (eskuinera), aurkaria ezustean harrapatuz.
Pilotari askok beti sake berbera erabiltzen dute oso garrantzitsua baita  tanto asko eskuratu ahal izateko.

Sake-errestoan, sakatzaileen eta errestokoen ohiko kokapena

Sake egoeran sakatzailea frontisera hurbiltzen da, normalean, eta bere bikotea kantxaren erdialdean geratzen da.
Errestoko bikotea sarea babesten geratuko da, saretik oso gertu, normalean. Bietako batek aurrealdea babestuko du eta besteak atzealdea, honek zabalera ere zainduz. 



Jokoan zehar pilotariek duten kokapena

Joko egoeran bi taldeetako aurrelariak frontisetik gertu jartzen dira, saretik oso hurbil. Batzuetan, sarea heltzera iristen dira. Aurrelarien rola tantoa egitea da.
Atzelariak kantxaren gainontzeko zatia babesten dute, hauen rola jokoari jarraipena ematea izanik.




Epailearen kokapena

Epailea kantxaren zabalean kokatuko da, jokoa ahalik eta gutxien oztopatuz. Pilotak epailea joz gero, "buelta" izango da, hau da, tantoa berriro jokatuko da.

Jokamoldeko kolperik ezagunenak eta erabilienak

Jokamolde honetako kolperik ezagun edo erabilienak hauek dira:

  • Bolea: pilota airez jotzea eskuarekin goitik beherako mugimendua eginez. Pilota mozteko (tantoa egiteko), buru gainetik ez pasatzeko, eta pilotak sarea ukitu ez dezan erabili ohi den kolpea da.
  • Sotamanoa: pilota airez jotzea eskuarekin behetik gorako mugimendua eginez. Normalean, pilota atzera botatzeko kolpea da
  • Efektua: pilotak norabide ziurgabe bat eraman dezan egindako kolpea. Dejadetan oso erabilia da aurkaria ezustean harrapatzeko.
  • Eskua itxita emandako kolpeak. Bereziki, Mexikon erabilia.
Kolpeak nola egin (lehenengo biak Euskal Pilotan erabiltzen dira, hirugarrena, berriz, ez)


Jokaldirik ohikoenak (pilotaren norabidea)

Hauek dira jokamoldeko jokaldirik ohikoenak:
  • Sareratzea: pilota sarera bideratzea punparekin edo punparik gabe, tanto zuzena lortzeko.
  • Teilatura botatzea: pilota teilatura bidaltzea. Bertan pilotak punpak egin edo irristatu daiteke. Askotan, pilota erreboteraino bidaltzea bilatzen dute.
  • Frailera botatzea, horrela, pilotaren norabidea bat-batean aldatu, eta errestoa asko zailduz.
Jokaldi hauek guztiek aurkariaren errestoa zailtzea dute helburu, tantoa lortzeko.

Pilota aukeraketa eta pilota motak

Pilotaren aukeraketari ez zaio denbora gehiegirik eskaintzen mundialetan, izan ere, pilota guztiek berriak izan behar dute. Piloten artean ez dago ezberdintasun handiegirik: biziagoak, motelagoak… daude.
Gero, hiru edo lau pilota uzten dira saskian eta sakatu behar duen bikoteak aukera dezake jolasteko hobekien datorkion pilota.
Hasiera batean, 98g. inguru dituen pilotekin jokatzen da eta normala den bezala, pilotak denbora pasa ahala, botea galtzen doaz .

Jokamolde honetako berezitasunen bat

Esan dezakegu,jokamolde honen berezitasunak istalazioekin harreman estua dutenak direla, hala nola, teilatua, sarea, frailea, xiloa eta belarriak. Horrez gain, frontoietan ez bezala, trinketeak kontra kantxaren ordez eskuin horma du.
Trinketea luzeeran motza izanik, ohikoa da pilota erreboteraino iristea. Teilatua egoteak ere hori errazten du, bertan emandako punpek edo irristatzeek ez baitute kontatzen.
Gainera, trinketean izkina asko daudenez eta pilotaren norabidea aldatzea ohikoa denez, pilotariak indartsua baino, teknikoa, abila eta bizkorragoa izatea komeni da.



Azkenik, Unai Alvarez pilotari mundialistaren esperientzia eta eskuz binaka trinketeak munduan duen hedapena eta selekzioen nondik norakoen berri izateko, bideoa hauek txertatu ditugu.


ERREFERENTZIAK

Liburuak

Eusko Jaurlaritza eta Euskadiko Euskal Pilota Federakuntza (2002ko Abendua). Gure kirolak: Joko araudia. Pilota.

Bideoak

Golpéos básicos de “la pilota valenciana” [mp4] (2011) Valentziako Hezkuntza Fisikoko irakasleak: http://www.youtube.com/watch?v=QGVLV_xXAgo

Unai Alvarez-i egindako elkarrizketa [avi] (2012). Balerdi, I., Dorronsoro, S., Fraile, O., Garikano, M.
http://www.youtube.com/watch?v=fAMRJj8wFoI&feature=relmfu


Irudiak

Trinketea, eta xiloa eta frailearen irudiak Googletik hartuta daude, gero gainean Paint programarekin eranskin batzuk eginda.
Gainontzekoak, jokoan eta sake egoeran pilotarien kokapenaren irudiak, Paint programarekin egindakoak dira.


EGILEAK

Balerdi Echeverria, Iban
Dorronsoro Alegria, Sara
Fraile Urra, Odei
Garikano Belaunzaran, Maddi

10 comentarios:

  1. Datuak jasotzeko iturri desberdinak erabili direla argi geratzen da, bibiografian egiten diren erreferentzia desberdinen ondorioz. Bideo eta elkarrizketa desberdinak ere (blogean aipatutakoak) datu iturriak dira.
    Aurkezpena argia da, orden egokia jarraitzen baita. Atal batzuk, adibidez joko ekintza, irudi eskematiko batzuen bidez azalduta dago, ulertzerako orduan erraztasun bat emanez.
    Irakaskuntza tekinikei dagokienez, bideo eta argazki desberdinak agertzen dira, idatzitako informazioaren gehigarri direnak.
    Kolaborazio lana da, egileen izenak agertzen baitira eta baita kideak elkarrizketetan.
    Jokamoldearen egitura hasieratik zehaztuta dago. Horrela, joko ez zuzena dela ulertzen dugu, bi biren aurkako egoeran. Instalazio mota, sake eta errestoa, puntuazioa…ere azaldu dituzte.
    Sake errestoaren ohiko kokapena, jokaldi ohikoenen bidez eta kolperik ezagun eta erabilienen bidez, joko ekintza agertzen zaigu.

    Ondoriotzat esan behar dut, oso lan ona egin dutela. Argitasunez eta era txukunean azaldurik dago eta kide guztien partehartzea ziurtatzen da. Hobetzeko esan beharrekoa da, nik pertsonalki atal bakoitza orrialde desberdinetan ipiniko nukeela eta elkarrizketa ilunegia dela.
    Kalifikazioa: 8,5
    Irati Aritzeta

    ResponderEliminar
  2. Ikusi ditudan blogetatik txukunena eta elaboratuenetarikoa iruditu zait. Oso gustukoa izan dut eta akats edo zuzentzeko gauza gutxi ikusi dizkiot, oso ondo osatua baitago.
    -Datuak jasotzeko iturri ezberdinak erabili dituztela argi ikusten da, gainera bibliografian guzti horiek aipatzen dizkigute. Elkarrizketa anitz burutu dituzte pilotari batekin, lagungarriak direnak.
    -Aurkezpenaren aldetik primeran dagoela esango nuke, nire ikuspuntutik. Izan ere, atal guztiak orden on bat jarraituz aurkeztu dituzte, era egokian eta ondo azalduta.
    -IKT tresnen erabilerari dagokionez, ondo osatua dagoela uste dut. Argazki oso lagungarriak erabili dituzte, adibidez, joko ekintzaren deskribapenean erabili dituztenak (kokapenari dagozkionak, jokaldi ohikoenak azaltzeko erabili dutena) bai eta instalazioaren deskribapenean aurkeztu dutena. Gainera hainbat bideoen estekak ikusten ditugu elkarrizketa batera doazenak. Agian faltan bota izan dudan gauza bakarra, kolpeak nola egiten diren azaltzen den jarri duten bideoaz aparte, jokaldi edota partiduren baten bideo naiz argazki gehiago izan dira. Aipatu ere bideoen momentu batzuetan ez dela ondo ikusten.
    -Kolaborazioari dagokionez badakigu talde osoak parte hartu duela lanean baina agian ez legoke gaizki egongo elkarrizketen bideoetan taldekide guztien parte hartze gehiago, izan ere gehienetan taldekide bat edo bi dira gehien parte hartzen dutenak.
    -Egituraren aldetik gutxi esateko, izan ere, nire ustez, primeran bete dute jokamoldearen egituraren azalpen eta deskripzioaren atal guztiak (joko eta duelu mota, instalazioa, materiala, sakea, tantoak eta markagailua).
    -Bukatzeko, joko ekintzari dagokionez, oso era egokian aurkeztu dutela ere uste dut. Kokapenak, kolpe eta jokaldi ohikoenak, ondo deskribatu dituzte, eta ezer gutxi esango nuke alde honetatik zerbait zuzentzeko.
    Guztia kontuan hartuz esango nuke, oso blog argia iruditu zaidala, txukuna eta oso landua alde guztietatik. Beraz zorionak taldeari egin duten lanagatik, nire iritziz 9,5eko nota merezi dute.
    María Ortiz de Pinedo Ochoa

    ResponderEliminar
  3. Bibliografiarekin hasita,datuak jasotzeko iturriak ezberdinak eta ugariak izan dira,eta gainera elkarrikezta bat egin dute,beraz, lan hau informazio aldetik kantitate eta kalitate handikoa dela esango nuke.Ez da ageri instalaziora bisitaren bat egin dutenik,baina argazkien bidez nahiko ideia garbia geratzen da nolakoa den.

    Testuaren aurkezpenari dagokionez, esango nuke oso ondo antolatua dagoela,atalak ondo desberdintzea ahalbidetzen duten paragrafoen bidez..Gainera,uste dut testuak modu argi batean erantzuten diola galderari,eta ez dagoela soberan dagoen informaziorik.

    IKT tresnen erabilera aproposa izan da,baina lana hobetzeko argazki gehiago jartzea gomendatuko nieke,besteak beste taldekideen argazki bat.Hala ere,elkarrizketaren bideoak erakusten du kolaborazio lana izan dela.

    Jokoaren egitura oso ondo azalduta dago,modu argi batean eta puntu guztiak beharrezko azalpen guztiekin deskribatuta,eta beraz,atal honi dagokionez,ezin zaie ezer gehiago eskatu.

    Joko ekintza,berriz,zehaztasun handiz azalduta dagoela ikusten da,eta oso lagungarriak egin zaizkit pilotarien kokapena erakusten duten grafiko horiek.Zerbait hobetzekotan kolpe motak eta jokaldi motak bideo batean erakusteko esango nieke,hitzez azalduta baino hobeto ulertzen baitira ikusita.

    Laburbilduz,ondo egindako lan bat iruditzen zait,jokamoldea ulertzeko ezinbesteko ezaugarriak ondo azalduta daudelarik

    KALIFIKAZIOA:8.5

    Jon Leonet

    ResponderEliminar
  4. Ondoren azalduko dut blog hau ebaluatzeko jarraitu ditutan irizpideak:
    Hasteko, blog hau sortzeko informazio iturri ezberdinak erabili dutela argi geratzen da. Izan ere, erreferentzia atalean ikus ditzakegu. Aipatzekoa da ere, erabili izan dituzten bideo asko beraiek sortutakoak izan direla. Irudiak ere oso lagungarriak dira Trikete bat ezagutzen ez duen batek Trinkete bat nolakoa den ulertzeko.
    Beste aldetik, nik uste, bloga oso aurkezpen argia du. Atalez atal, ondo azaltzen du jokamoldearen aspektu guztiak, baita aipatzekoa da ere ordenatuta dagoela.
    IKTren tresnen erabilerak ere agertzen dira, izan ere blogean zehar beraiek sortutako eta beste iturrietako bideoak agertu dira, baita argazkiak. Gomendatuko nieke, beraien argazki bat jartzea behar bada, hala ere uste dut aukeratutako argazkiak oso egokiak dira jokamoldea hobeto ulertzeko. Bestetik, kolaboraziozko lana dela argi dago bideoetan ikus dezakegun bezala.
    Nik uste jokamoldearen egitura oso ondo azaltzen dute, eta hori hobetu ulertzeko bideoak gehitu izan dituzte testuari, horrek mesede asko egiten dio testuaren aberastasunari.
    Ondorioz esan behar dut, lan honek oso ondo azaltzen du jokamolde hau nolakoa den. Testuari gehitu izan zaizkion bideoak eta elkarrizketa oso mesedegarriak izan dira jokamoldea hobeto ulertu ahal izateko. Beraz, esan behar du lan honen helburua lortu izan dutela. Zorionak!

    Kalifikazioa: 9

    Kristian Alvarez

    ResponderEliminar
  5. Blog hau burutzeko argi dago datu iturrui ezberdinak erabili dituztela: liburu, video eta batez ere pilotari baten ezagutza.
    Aurkezpenari dagokionez, lana burutzeko erantzun beharreko galderari erantzuten diote, eta era nahiko ordenatuan gainera.
    IKT tresenen erabilpena ere oso nabaria da, hainbat argazki eta batez ere azalpenak errazteko erabilitako hainbat bideo erabili baitituzte. Agian bideo hauek nik beste era batera egingo nituzke: bideoak nahiko ilunak dira kalean eta gauez grabatuak direlako eta agian argitasun gehixeago bilatu beharko zuketen.
    Kolaborazioari dagokionez, nire ustetan talde osoak hartu du parte, baina bideoetan ikusten den bezala, elkarrizketaren ia galdera guztiak taldekide berak egiten ditu. Hori agian kontuta izan behar zuten…
    Jokamoldearen egiturari dagokionez atal guztiak azaldu dituzte, batzuk besteak baino hobeto, eta akatsen bate do beste burutuz. Adibidez, materialaren azalpenean pilotak 60 cm-ko diametroa izan ohi duela diote eta hori ezinezkoa da. Honetaz gain, atal honetan ez dute aipatzen takoak erabiltzen diren edo ez, eta hor neri behintzat zalantza geratu zait. Bestalde, uste dut sakea, pilotarien kokalekua eta epailearen kokalekua azaltzeko erabilitako argazkiek asko laguntzen dutela.
    Joko ekintzari dagokionez, nahiko ongi azalduak daude, baina falta botatzen dut golpeo eta jokaldiak azaltzeko kantxako bideo bat, ulertzeko errazagoa izango litzatekela iruditzen zait.
    Azkenik, esan beharra dut lan nahiko txukuna egin dutela nere iritziz, eta nere nota 7,5 izango da
    ANTXON ALBERDI BARRUTIA

    ResponderEliminar
  6. Blog honetan argi ikusten da informazio iturri ugari erabili dituztela. Aurkezpena ondo dago baina nik arrgazkiak mosaiko moduan jarri beharrean argazki handiago bat hartiko nuke fondoan jartzeko (bitxikeri bat da uste dut argazki hobeagoak dagoela)
    Bideo batzuk txarto ikusten dira baina burutzen ari diren ekintza ikusten da.
    Lana elkar egin dute baina elkarrizketan beste kideei ez zaie entzuten baina uste dut ulertzekoa dela.
    Egitura aldetik ondo azalduta dago akatsen bat kenduta. Jokalekua modu egokian azalduta dagoela uste dut baina materialen argazki bat faltan daukat. Sakea errestoa eta tantuak zehazki azalduta daude baina joko-ekintzako argazkiak edo marrazki antzeko hoiek pixka bat zailak dira ulertzeko, baina agian da nire arazo bat...
    Ikusten da liburuetik atera dutela informazioa baita pilotari ospetsu baten hitzetik. Gainera irudi guztiak azalduta daude, beraz, honenbestez 8,75 nota emango dut.
    Ander Hermosa

    ResponderEliminar
  7. Orokorrean erraz irakurtzen den bloga dugu honakoa. Esaldi korapilatsuak sahiestuz dena argi azaldu duzue, puntuaketa egokiaz. Nire ustez, letra zuria jarri izan bazenute edota fondo argi bat, errazagoa izango litzateke irakurketa, fondo beltzak azkenean begiak errazago nekatzen baititu. Bestetik, urdinez dauden estekak irakurtzeko zailtasunak izan ditut, beraz, beste kolore baten jartzea gomendatuko nizueke.

    Informazio iturriei dagokienez, argi ikusten da arautegiaz gain elkarrizketetaz eta bideo ezberdinez baliatu zaretela; hots, anitzak dira. Jokamoldearen egiturari dagokionez, argi eta garbi utzi duzue puntu bakoitza, eta horien osagarri diren zenbait gehigarri ere jarri dituzue. Hauek ikt-tresnen bidez txertatu dituzue blogean, bai irudi grafikoak ( zenbait jokaldi ulertzea ahalbidetu didatenak), nola argazkiak edota bideoak. Azken hauei dagokienez, pertsonalki gomandatuko nizueke denak batera jartzea, azkenean irakurri eta youtubera joan naizen bakoitzean apur bat haria galdu baitut. Baina hori gustuen araberakoa da. Bideoen kalitatea (lehenengoarena batez ere) ezta oso ona, eta horregaitik ez dira irudiak oso ongi ikusten, baina bere azalpenez baliatuz azaldu gura dozuena ulertzen da. Oso interesgarria iruditu zait epailearen kokapena txertatu izana, egia esan inoiz ez bainaiz horretan pentsatzera geratu. Behar bada, jokaldi eta kolpeei dagokienean, faltan bota dut defentsakoak edota erasokoak diren zehaztea, horren bidez errazago ulertzen baita joko ekintza.

    Orokorrean, informazio baliagarri asko txertatu duzuela iruditu zait, beti ere argitzeko eskemak eta irudiak erabiliz eta esaldi sinple eta ulerterrazak eginez. Gainera bideoan ikusi eta entzun den bezela lana denon artean egin dozuela ikus daiteke. Lan oso polita benetan. Kalifikazioa:9,5
    Leire Etxegia

    ResponderEliminar
  8. Blog honi emango diodan puntuazioa 8,5 da.
    Hasteko esan beharra dago lan txukuna egin duzuela. Iturri ezberdinak erabili dituzuela ikusten da bibliografian. IKT tresnen erabilera ona egin duzue baina partida baten bideo bat ez legoke gaizki. Informazioa argia da, erraz irakur daiteke gainera unairi egindako elkarrizketa oso baliagarria da jokamoldearen egitura ulertzeko. Joko ekintza ulertzeko grafikoak erabili dituzue.

    ResponderEliminar
  9. Blog hau aztertzea erabaki dut, nik ere, trinketean jokatzen den beste jokamolde bat aztertu berri baitut eta interesgarria iruditu zait trinketea pilotalekutzat izanik, honekin zerikusia duten jokamoldeak aztertzea. Hau esanik, iruzkin konstruktiboari ekingo diot.
    Ebaluazio irizpideei jarraituz datuak jasotzeko iturri ezberdinen erabilerarekin hasiko naiz. Agerian da, informazioa bilatzen saiatu direla, elkarrizketa baten bidez, liburuak, ikusitako bideoak, etab. honek aberastasuna ematen dio testuari.
    Aurkezpenari buruz zerbait esatekotan: lan txukuna da, ordenaturik dago testua, zehaztasunez idatzia, nahiz eta nik, bukaera jartzen duzuen pilotaren informazioa kenduko nukeen. Eta “jokamolde honetako berezitasunak” (xiloa, frailea, etab.) aipatzen dituzuenean, hauek guztiak trinketearen ezaugarriekin jarriko nituzke, azken finean, horiek baitira trinketea, beste pilotalekuetatik bereizten dituzten ezaugarriak.
    Emandako informazioa hobeto ulertzeko anitz baliabide erabili dituzue. Arlo honetan aipatu beharra dut argitasun falta nabaritu dela bideoetan azalpenak hobeto ikusteko eta kolaborazio lana ez dela argi ikusten. Hala eta guztiz ere, azken hau zuon artean nabaritu duzuela suposatzen dut.
    Jokamoldearen egitura eta joko ekintzaren deskribapenean, gutxi dut esateko. Jokamoldearen egitura puntuz puntu azaldu dute eta joko ekintzan, aipatzen duten guztia azalpen zehatzen osatua dagoen arren, hau hobeto ulertzeko bideoren bat edo beste eskertuko nuke.
    Guzti hau aipaturik, 8 borobil bat ematen diot lan honi.

    Leire Badiola

    ResponderEliminar
  10. Antzematen da blog hau osatzeko informazio iturri askotara jo dezuela, kontutan hartzeko zeozer. Bestetik informazioa oso argia eta ulerkorra da, era egokian antolaturik dago eta honi buruz ezer dakien batek erraz ulertuko luke blog.a irakurri eta gero zertan datzan jokamolde hau. Instalazio argazkiak eta joko ekintzaren irudi grafikoak ipini dituzue baina materialaren argazkiren bat faltan sumatzen dut ipini duzuen azalpena borobildu ahal izateko. Bestalde IKT-en erabilera egokia egin duzue; zeuek egindako bideoak gehitu dituzue eta ikusten da taldeko lan ikaragarria egin duzuela.
    Txapa hau bota eta gero nire nota 8.5 da, zorionak!!

    ResponderEliminar